Arima’: Errealitatea irudimenean murgiltzen denean

Julen Ansa

Jaione Camborda zuzendariaren lehen film luzea da, eta errealitatea, irudimena eta ametsak bateratzen ditu lau emakume eta neskatxa baten inguruko istorio honetan. Bi gizon ezezagun azalduko dira protagonista hauen tartean, eta beldurra eta desirak sortuko dituzte. Lehena, kalean zauriturik ageri den gizon bat da, eta bigarrena, mamu edo espiritu bat. Ez dago garbi egiazkoa den edo ez.

Hasteko, aipatu beharra daukat hau ez dela edonori gustatuko zaion film horietako bat; kontakizunaren erritmoa nahiko motela da eta amaiera oso irekia du. Baina, nahiz eta erritmo hori izan, Cambordak ez du lana gehiegi luzatu, ordu eta laurden irauten baitu. Halere, nire ustez, kasu honetan interesgarria izango litzateke denbora gehiago igarotzea istorioa kontatzen, hain zuzen ere, galdera asko uzten dituelako erantzun gabe. Horrek ez du zertan elementu negatibo bat izan, baina egia da batzuetan zuzendaria alferra dela dirudi.

Modu original batean erantzunak eman ordez, galderak airean uztea lan errazagoa eta sinpleagoa izan ohi da. Halere, ez dut uste Cambordaren kasua denik, pelikulan zehar ideia interesgarriak agertzen dira, eta errealismo magiko puntu batekin suspensea eta misterioa nagusitzen dira. Pertsonaia guztiek dute misterio puntu bat, ez dakigulako gehiegi haien inguruan, zer erlazio duten, noiztik ezagutzen diren, zergatik duten halako izaera… Hasiera batean, kalean aurkitzen duten David (Tito Asorey) izeneko gizonezkoak sekretu handi bat gordetzen duena dirudi, baina berehala jabetuko gara neskatxak, bere amak, eta beste emakumeek ere gauzak ezkutatzen dituztela.

Olivia (Nagore Arias), neskatoa, da seguruenik pelikula honetako pertsonaia zintzoena; nahiz eta etxetik askotan alde egiten duen (kontakizunaren hasieran bezala), ez du gezurrik kontatzen eta bere iritzia garbi uzten du. Bere ama, Elena, (Rosa Puga Davila), aldiz, ez da guztiz horrelakoa, eta ez dio egia guztia esaten alabari, ezagutu berri duen gizonarekin duen erlazioa zehaztu gabe. Julia (Melania Cruz), Elenaren ezaguna, eta gizon baten espiritua dira pertsonaia guztien istorioak batuko dituztenak, edo agian Julia bera bakarrik, beste mamu horren agerpena ez baita garbi geratzen.

Nadia (Iria Parada) ez da pantailaren aurrean denbora gehien ageri dena, baina halere, bere gorputz biluzia agertzen da lehen eszenetako batean. Nolabait ere, ziurtasuna eta aldi berean, indarra erakusteko, izan ere, nahiz eta biluztasuna askotan pertsonaia baten ahultasuna erakusteko izan, beldurrik gabe paratzen du jendaurrean. Azken emakumezko pertsonaia Ana (Mabel Rivera) da, Juliaren ama, denetan beldurtiena da, agian arriskuaz jabetzen den lehena delako. Bere alaba izango du zaintzaile nagusi, baina pixkanaka kontatzen dizkion beldurrak pasako dizkio.

Beste aldetik, gizonezkoen presentzia txikiagoa izan harren (bi pertsonaia bakarrik daude, eta bata ikusezina da), oso garrantzitsua da kontakizuna osatzeko. David emakume hauen bizitzara iristen denean hasten dira gauzak aldatzen, eta nolabaiteko karga batean bilakatzen da. Bestea, espiritu bat da, eta emakumeen bizitzak aztoratuko ditu, nahiz eta ez den batere garbi geratzen pertsonaiek imajinatzen duten edo benetakoa den.

Lehen aipatutako gaira itzuliz, ez nago erabat gustura film honek ematen dituen erantzun murriztuekin. Izan ere, nahiz eta interesgarria izan gauza batzuk ikuslearen interpretaziorako uztea, kasu honetan ia istorio guztia imajinatu behar duzu. Posible da nik elementuren bat albora utzi izana eta ez jabetu izana, eta beste begirada bat edo bi eman behar izatea benetan ulertzeko.

Gainera, mezu ezkutu (eta ez hain ezkutu) asko dituen obra horietako bat da. Zuzendariak berak esan bezala, “mundu aztoratzaile batean harrapatuta dauden emakumeen istorioa da”. Hori oso nabaria da eszena askotan, emakumeen eta neskatxaren izaerak moldatu egiten direlako, eta hasiera batean kontu handiarekin ibiltzen direnak eraldatu egiten dira, gizonen nolabaiteko engainu batean erorita. Beste batzuk, ordea, arriskuaz azkar jabetzen dira eta hori eragozten saiatzen dira, nahiz eta ez den garbi geratzen beraien helburua betetzen duten edo ez.

Hauek nire interpretazio edo hipotesia hutsak dira, eta agian Cambordak zituen ideiak ez ditut erabat ulertu. Konturatu gabe, kritika hau analisi labur batean bilakatu dut, baina horrelako konplexutasun eta misterioa mantentzen duen obra baten kasuan, garrantzitsua iruditu zait elementu batzuk pixka bat aztertzea, gehiegi kontatu gabe.

Oro har, ideia esanguratsuak eta deigarriak aurkezten dituen pelikula da, aktoreen lanak (nahiz eta orain arte ez aipatu) nahiko txukunak dira eta ikus-entzuleari txoko zabala uzten dio bere ideia gehitzeko. Txoko hori batzuetan zabalegia izan daiteke, baina gutxienez zerbait desberdina egiten saiatu dela garbi dago, eta suspense eta misterioari esker arreta mantentzea lortzen du. Halere, ezin dut ukatu zerbait falta izan.

esteka jatorrizkora